XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...):Marxen pentsabidea ez da doktrina bat, metodo bat da.

Ez du aurreprestatutako dogmarik eskaintzen, geroko ikerketetarako abiapuntuak eta ikerketa honen azterpidea baizik.

Marxek berak esan zion bein Lafargueri, bere izeneko eskolastika berriari uko eginez: Neri dagokidanez, ni ez naiz marxista.

Engelsek ere gauza bera: Gure teoria eginez doan teoria bat da, ez buruz ikasi beharreko dogma bat.

1881eko abenduaren 2an hil zen Jenny, gibeleko minbiziak jota, azken hitzok esaten zituela: Karl, indar guztiak joan zaizkit.

68 urte egin berriak zituen.

Karlek, fisiko eta moralki ahuldu eta indargabeturik, ez zuen hiletetara joaterik izan, ezta Jennychenek ere.

Laura eta Eleanor hantxe ziren, eta Engelsek mintzaldi llabur bat zuzendu zuen beraren oroimenez.

Gaitzak eta atsekabeak hartuta, Wighteko irlara joan behar izan zuen Marxek sendatzera.

Irlatik itzulian, medikuen esanak betez, Argenteuil, Argel, Montecarlo eta Suitzan zehar ibili zen, hara eta hona, eguzki bero bila.

Baina guztia alferrik, ez osasunik ez atsedenik aurkitu zuen eta.

Ezin zuen une batez ere ahaztu berari hain atxikirik bizi izan zitzaion Jenny maitea!.

Beraren alaba Jenny bixikako kantzerrez hil zen 1883ko urtarrilaren 11ean, 5 haur utziz lau hilabetekoa bat.

Haren heriotza gertatuz gero, etsipenak menderatu zuen Marx.

Ez zen ezertarako gauza, irakurtzeko ere adorerik ez zuen.

Emaztea eta alabaren heriotza bere akabua izan zen.

Biriketako tumorra zabalduz zihoakion, eta poliki-poliki iraungi egin zen.

1883ko martxoaren 14ean, arratsaldeko ordubi t`erdiak aldean, beti bezala, adiskide min eta leialari bixita egitera etorri zitzaion Engels. Amaiera zen.

Lenchen eta biak gelara sartu zirenean, jadanik loak hartua zegoen Marx, ikasmahaiaren aurrean exerita, inolako sufrimenik gabe.

Pentsatzaile bizietan haundienak emana zuen bere azken arnasa, 65 urte zituela.

Hiletak martxoaren 17an ospatu ziren.

Gorpua Highgateko kanposantuan ehortzia izan zen, emazte zenarenaren ondoan.

Eleanor, Helene Demuth eta Engelsekin batera, Longuet, Lafargue, Liebknecht eta beste zenbait lagun bildu ziren azken agurra ematera.

Laurak ez zuen etortzerik izan.

Engelsek, malko batzuk uxatu ezinik, hitzalditxo gogoangarri bat egin zuen Marxen ohoretan.

Marx teorilari jakintsua eta, ororen gainetik, iraultzailea izan zela esan zuen, honako hitzokin amaituz: Beraren izena eta obra menderen mendetan biziko dira.

Highgateko kanposantuan, 1956an eraikitako marmolezko panteoian, Manifestuko esaldi sonatu hura aurkitzen da idatzita: Herrialde guztietako proletariok, elkar zaitezte!.